Pello Iturriak bere azken liburua, 'Euskarari gorazarrea' aurkezten du

Farmazialari Euskaldunen Elkarteko sortzailekidea eta presidentea izan da eta FEUSE farmaburua saria jaso zuen duela bost urte, euskararen alde eginiko lanarengatik

Euskarari gorazarrea liburua euskararen gaineko saiakera bat da. Euskarari omenaldi bat. Liburuaren atzeko azalean egileak dioen bezala, hogeita bost urte zituela euskara ikasten hasi zen botikari baten euskarari buruzko gogoetak, alegia. Bere ustez, euskara bizirik iraun ahal izateko, euskara bera, gaztelania, frantsesa eta gainerako hizkuntzak bizikide onak izan behar dira. Euskarari hurbiltzeko eta euskaraz hitz egiteko, berriz, aldez aurretik konplexurik gabeko jarrera baikorra zeinen garrantzitsua den aipatzen du liburuan. Bestetik, euskararen bideetan topatu dituen hainbat euskaltzale miresgarriak eta eredugarriak goraipatzen ditu, baita euskararen alde gauzatuak ikusi dituen makina bat ekintza txalogarriak kontatu ere.

Egilea, Pedro Iturria Sarasibar, Iruñan jaio zen 1951ean eta Uharten bizi da. Farmazia-ikasketak Nafarroako Unibertsitatean egin zituen. Hiru urtez, Gasteizko Centro FarmacéuticoVizcaíno S.A. enpresako Zuzendari Teknikaria izan ondoren, Iruñako Estafeta kaleko farmazia baten titularra da, 1979tik.

Hogeita bost urte zituela hasi zen euskara ikasten eta horretan jarraitzen du gaur arte. Farmazialari Euskaldunen Elkarteko sortzailekidea eta presidentea izan da. Elkartekideek Feuseren Farmaburua saria eman zioten, 2011an. Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofizialaren aldizkariko kolaboratzailea da, eta Nafarco-ren aldizkariko kolaboratzailea ere izan zen, argitaratzeari utzi zitzaion arte.

Zenbait euskal irratitan, osasunari buruzko gaien inguruko kolaboratzailea da. Udako Euskal Unibertsitateko kimika saileko kolaboratzailea izan da ere hainbat urtetan. Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofizialak esker ona saria eman zion 2015ean, bere aldizkarian 20 urtez kolaboratzeagatik eta farmazialarien kolektiboan euskara transmititzeagatik.

Pello Iturria, Farmazia Hiztegia-ren egilekidea da, 2002an argitaratua, eta «Kanabisaren alderdi desberdinak eta ezaugarriak» liburuaren egilea da ere.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *